Mende erdi konpromisoak erradiatzen
Mende erdi konpromisoak erradiatzen
“Etorkizuna dugu deika” esaldiarekin amaitu da ekitaldia.
300 lagunetik gora elkartu dira urteurrenaren amaiera ekitaldian · Egindako ibilbidea balioan jarri dute eta lanpostu jasangarriak eta aberastasuna sortzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute
Ekitaldiz betetako urteurren ospakizunari amaiera eman dio EIKA kooperatibak gaur Markina-Xemeingo kiroldegian egindako ekitaldi jendetsuan. 1973ko abenduaren 22an sortu zen eta, 50 urteko ibilbidearen ondoren, kooperatibaren parte izan diren eta gaur egun diren nahiz bidelagun dituzten enpresa eta erakundeetako 300 pertsona baino gehiago batu dira egindako bidea balioan jarri eta etorkizunera begiratzeko ‘Konpromisoak erradiatzen’ lelopean.
Kooperatibagintzako eta erakunde publikoetako ordezkari ugari izan dira bertan; besteak beste, Etxebarriako eta Markina-Xemeingo alkate Jesus Iriondo eta Iratxe Lasa, Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko ekonomia sustapenerako foru diputatua, Iñigo Ansola EEEko presidentea eta Iñigo Ucin Mondragon Corporationeko presidentea, Leire Mugerza Mondragoneko Kongresuko presidentea eta Javier Oleaga Mondragon Osagaien lehendakariordea.
Nekazaritza eta arrantza nagusi ziren Lea Artibai eskualdean, emakumeentzat industriako lanpostuak sortzeko helburuarekin abiatu zuen Eikak bere ibilbidea, eta balioan jarri dute bigarren sektorean euren tokia egiteko ardura eta aitzindaritza hartu zutenek egindako lana. Ordutik, euskaraz ardaztu du bere egiteko modua, eta mundu mailan nola inguruan erreferente izateko nahiak ekarri du gaur egundanaino.
Iñigo Arrieta Eikako Kontseilu Errektoreko lehendakariak gogora ekarri du kooperatibaren misioa: “Denok helburu bat partekatu dugu eta saiatzen gara horrentzat lan egiten: ingururako lanpostu jasangarriak eta aberastasuna sortzea gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldientzako”. Kooperatibaren lorpenetan ere jarri du fokua: “Emakumeak lan mundura sartzeko asmoarekin sortu ginen eta gaur bazkide guztion %50 emakumeak dira, bai Etxebarrian, baita Mexikon ere; euskaraz lan egin nahi zuten eta gaur egun euskaraz lan egin dezakegu”.
Aitor Soria Eikako zuzendari orokorrak sektoreko lehiakortasunari egin dio aipamena: “Gizartea gero eta konplexuagoa da eta merkatuak zer esanik ez. Lehia tokatuko zaigu, guri eta gure lehiakideei ere bai”. Era berean, munduko merkatuan gaur egungo negozioetan eta etorkizunean izango direnetan “erreferente” izatearen garrantzia azpimarratu du: “Horrela lortuko dugu beste 50 urtean ere, jaso bezala, lanpostu jasangarriak, aberastasuna eta legatua uztea gure hurrengoei”.
“Etorkizuna dugu deika” esaldiarekin amaitu da ekitaldia.
Gehiago irakurri